NabarmenakTrikimailuak

Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin!

Linux pendrive batetik exekutatu dezakezu zure ordenagailuan, instalatu beharrik gabe. Egunotan denbora pilo bat saltseatzen emateko aukera paregabea!
Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 7 - teknopata.eus

Kaixo! Beharbada despistatuta ibili zara egunotan eta itxialdirako teknoaholku sorta hau galdu duzu. Lasai, Hemen dituzu aurreko kapituluak:

  1. Instalatu Xuxen
  2. Instalatu Firefox
  3. Android gailuak ‘euskaldundu’
  4. Ordenagailua bera ‘euskaldundu’
  5. Grabatu zure ahotsa, edo zuzendu besteena, Common Voice ekimenean.
  6. Instalatu LibreOffice

Txintxo-txintxo iritsi zarete zazpigarren proposamen honetaraino eta tira, Cum Laude gainditzeko modukoa egingo dizuet. Besteak baino apur bat zailagoa, baina entretenigarriagoa ere bai. Aste oso baterako izan dezakezu, apur bat saltseatzeko gogoa izanez gero.

Izan ere, gaurko proposamena GNU/Linux sistema eragilea gutxienez probatzea da. Hau da: zure ordenagailua kontrolatzen duen Windows edo macOS sistema sistema libre honekin ordezkatzea.

GNU/Linux sistema eragile librea da. Sistema eragilea, nolabait esateko, bitartekari bat da, ordenagailuari alde batetik zurekin, eta beste batetik bere osagaiekin komunikatzea ahalbidetzen diona. Sistema eragile horrek egiten du behar den ‘magia’ guztia, adibidez, zuk sagua mugitzean pantailan punteroa batera mugitu dadin, edo tekla bati sakatzean letra jakin bat agertu dadin. Horrez gain, noski, pantailako grafikoak, soinua, interneteko konexioa, bluetooth gailu, disko gogor, pendrive eta abarrak ere kontrolatzen ditu.

Egunotako beste adibide batzuetan ikusi dugun bezala, macOS eta Windows sistema eragile itxiak dira, jabedunak. Sistema horiek osatzen duten kode informatikoak copyrighta du, eta beraz euren jabeek, Applek eta Microsoftek, ez dute zertan haien tripen berri eman. Ez dakigu zehazki zer neurritan behatzen gaituzten, edo gure informazioa beste norbaitekin partekatzen ote duten, adibidez…

Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 11 - teknopata.eus

GNU/Linux, berriz, sistema librea da. Bere egitura publikoa da, eta programatzen dakien edonork kuxkuxeatu dezake nola funtzionatzen duen jakin eta/edo hobetzeko ere. Horrek errazten du aldaketak egitea, eta aldaketa horien artean dago, adibidez, interfaze guztia auzolanean euskaratu ahal izatea. Mac eta Windowsen, fabrikanteen erabakia da sistema euskaraz jarri ala ez. Haiek ez badute nahi, Appleri gertatzen zaion bezala, ba erabiltzaileok horixe onartzea besterik ez dugu. GNU/Linuxen, hizkuntza bat falta bada, erabiltzaileek aukera dute elkartu eta itzulpena egiteko.

Sistema itxien aldean, gainera, GNU/Linuxek badu beste abantaila handi bat: dohainik da, eta edozein makinatan erabil daiteke.Deskargatu eta instalatu, ez dago besterik.

Ah, eta ez dago besterik hori literala da. GNU/Linux distribuzio gehienak instalatzean, sistema eragilearekin batera aplikazio mordoa instalatzen da: web arakatzailea, ofimatika paketea, musika entzuteko programak, irudi eta bideo editoreak… Ez duzu zoroen moduan ibili beharko lan egiteko tresnak eskuratzeko. Ohikoenak instalatuta datoz berez sisteman.

Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 13 - teknopata.eus
Firefox Linux Mint distribuzioan funtzionatzen.

Aspertuta gauden egun hautarako, denborapasa interesgarria da, zalantzarik gabe, GNU/Linux probatzea. Hirugarren abantaila bat ere badu, gainera: erabiltzeko modu ezberdinak daude. Sistemaren distribuzio bat deskargatu eta hiru aukera hauetako bat hautatu dezakezu:

  • Pendrive batean kopiatu eta handik erabili, zure ordenagailuan ezer aldatu edo ezabatu gabe. Zure betiko sistemara itzultzeko, ordenagailua amatatu eta pendrivea atera besterik ez duzu.
  • Zure ordenagailuan instalatu, orain erabiltzen ari zaren sistema eragilearen ondoan. Makina pizten duzun bakoitzean, aukeratu ahal izango duzu Mac/Windows ala Linux erabili nahi duzun.
  • Zure ordenagailuan instalatu, orain erabiltzen ari zaren sistemaren ordez. Konplikatuena hau da, noski, kasu batzuetan aurretik zure disko gogorra formateatu beharko duzulako, eta beraz, daukazun informazio guztia ezabatu.

Momentuz lehen aukera probatzeko gomendatuko dizuet. Linux nola dabilen ikusteko nahikoa da, eta ez duzu ordenagailuko informazioa ‘sakrifitkatu beharko’. Gainera prozedura erraz samarra da. Pausuak hauek dira:

1. Aukeratu zure distribuzioa

GNU/Linuxen beste ezaugarri bat da ‘distribuzio’ edo bertsio ezberdinak aukera ditzakezula. Software librea izanda, badira hainbat eta hainbat enpresa eta/edo entitate softwarearen mamia hartu, euren gustura egokitu eta ukitu pertsonala ematen diotenak. Muina berbera da beti, baina osagarri edo ‘apaingarriak’, nolabait esateko, zeregin batzuetarako ala beste batzuetarako egokituta daude: batzuk programatzaileentzat, beste batzuk kalkulu konplexuak egin behar dituztenentzat… Horrek dakar, nola ez, distribuzio baten eta beste baten zaleen arteko norgehiagokak ere izatea… Futbol jarraitzaileekin bezalaxe!

Etxeko erabilera orokorrerako, eta linuxzale porrokatuenetako batzuek ezin ikusi handia badiote ere, distribuzio ezagunenetako bat Ubuntu da. Hartan oinarrituta badira beste asko. Egunotan Linux Mint delakoa gomendatu digute.

Badira beste batzuk, ZorinOS bezalakoak, ordainpeko bertsioak ere badituztenak. Gaian oso jantzita ez gaudenontzat, distribuzioen arteko diferentzia nagusia mahaigaina eta leiho sistema kontrolatzeko interfaze grafikoak dira, eta erabiltzaileari laguntza emateko aukerak. Apur bat saltseatzen hasteko, Ubuntu edo Linux Mintekin hasi zaitezke. Mint beharbada errazagoa egingo zaizu, batez ere Windowsetik bazatoz. Mahaigaina Windowsek duenaren antzekoagoa da Ubunturena baino.

  • Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 15 - teknopata.eus
  • Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 17 - teknopata.eus
  • Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 19 - teknopata.eus
  • Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 21 - teknopata.eus

2. Deskargatu ISO artxiboa

Behin banaketa aukeratuta, hura instalatzeko artxiboa deskargatu behar duzu. 2 Giga inguruko artxibo bat izaten da, ISO formatuan. Horrek esan nahi du sistema abiatzeko disko batek behar duen informazio guztia duela barruan. Hemen dituzu deskargatzeko loturak:

Behin ISO artxiboa eskuratuta, erabili ahal izateko disko fisiko batera pasatu beharko duzu haren edukia. Disko fisiko hori euskarri optiko bat izan daiteke (DVD bat edo CD bat), edo USB pendrive bat.

3. ISO artxiboaren edukia disko fisiko batera pasatu

DVD bat grabatzeko, zure ordenagailuak DVD grabagailu edo irakurgailurik badu. Windows zein Mac erabili, egin klik ISO artxiboaren gainean saguaren eskumako botiarekin, eta hortxe agertuko zaizu diskoa grabatzeko aukera.

  • Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 23 - teknopata.eus
  • Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 25 - teknopata.eus

DVD horrek zure ordenagailua abiarazi eta Linux sistema probatzeko aukera emango dizu, baina gogoan izan, DVDa izanda, ezin izango duzula aldaketarik egin: ez konfigurazioa pertsonalizatu, ez dokumenturik gorde, ez ezer.

Horregatik, DVD batean baino, gomendatzen dizut ISO irudia ISO artxiboaren edukia pendrive batean grabatzea.Pendrive hori zure ordenagailua abiatzeko disko gisa erabil dezakezu, eta bertan dokumentuak ere gorde ditzakezu. Horretarako, ISO artxiboa, 4 Giga edo gehiagoko pendrive bat (osorik ezabatu beharko duzu, kontuz), eta programatxo bat beharko duzu, deskargatu duzun ISO artxiboa irakurri eta informazioa pendrivera era egokian pasatzeko:

  • Windows erabiltzen baduzu, Rufus delakoa.
  • macOSekin bazabiltza, berriz, Etcher aplikazioa.

Funtzionamendua oso antzekoa da bietan: alde batetik, deskargatu duzun ISO artxiboa aukeratu datu sarrera gisa, eta zure Pendrivea xede gisa. Programak ISO artxiboaren edukiak irakurri eta ordenagailua Linuxekin abiatzeko disko bat prestatuko dizu pendrivean.

Prozesua ez da oso konplikatua, baina pausuz pausuko laguntza behar baduzu, hauek dira Ubunturen jarraibide ofizialak: Windows / Mac. Oso ingeles sinplean daude, benetan! Eta bestela, Googlek nahiko ondo itzultzen ditu: Windows / Mac. Prozesua berbera da Linux Mint eta Zorinentzat, aldatzen den bakarra da deskargatu duzun artxibo hori.

4. Abiatu zure ordenagailua prestatu duzun diskoarekin

Azken pausua baino ez zaizu geratzen: prestatu duzun diskoa erabiltzea zure ordenagailua abiarazteko.

macOS:

Sartu grabatu duzun diskoa (DVD edo pendrivea) eta itzali ordenagailua. Piztu berriro, eta pizteko botoiari eman ondoren, sakatu eta eutsi ‘alt/option’ teklari. Segundu batzuen ondoren, Maca abiarazteko zer disko erabili nahi duzun aukeratzeko menu bat agertuko zaizu. Aukeratu, noski, DVD edo pendrivea.

Windows:

Sartu ordenagailuan grabatu berri duzun DVD edo pendrivea, eta berrabiarazi ordenagailua. Kasuen %90ean, ordenagailua automatikoki abiaraziko da sartu duzun disko berritik. Hala ez bada, berrabiarazi berriro, eta ordenagailua piztu orduko, sartu zaitez BIOS menuan, dagokion F teklari sakatuz. BIOSaren ‘Boot’ aukeretan, gaitu DVDtik edo USBtik abiatzeko aukera. Sakatu F10 aldaketak gordetzeko, eta berrabiarazi berriro. Guztia ondo egin baduzu, minutu bat baino gutxiagoan hau bezalako pantaila bat ikusiko duzu:

Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 27 - teknopata.eus
Sortu duzun diskoarekin, Linux instalatu ala instalatu gabe probatu dezakezu. Salrseatzeko aukera paregabea.

Sortu duzun diskoarekin, Linux ordenagailuan instalatu ala, nahiago baduzu, instalatu gabe abiarazi eta probatu dezakezu: jolastu apur bat ingurune guztiarekin, ikusi zer moduz moldatzen zaren, zer moduz dabilen sistema zure makinan (normalean Windows eta macOS baino azkarrago ibiltzen da)…

Beraz, goiko pantaila horretan (edo oso antzeko bat, segun zein banaketa aukeratu duzun), euskara aukeratu lehenengo eta behin, eta gero ‘Probatu Ubuntu’ (edo Mint, edo dena delakoa) sakatu… beste pare bat galdera egingo dizu sistemak, eta berehala kargatuko da, eta prest egongo da erbailtzen hasteko. Saltseatu beldurrik gabe: ukitu menu eta aukera guztiak. Nekatzen zarenean, ordenagailua amatatu, diskoa atera, eta arrankatzen duzun hurrengoan zure betiko sistemarekin abiaraziko da, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako (eta 7): Ausartu Linuxekin! 29 - teknopata.eus
Linux instalatzen saiatu eta ordenagailuan Windows baduzula antzematen badu, berak galdetuko dizu Windows ordezkatu ala haren ondoan instalatu nahi duzun. Ona, ezta?

Benetan aukera polita da -eta arriskurik gabea- Linuxekin katxarreatzeko, dakartzan aukera eta programa guztiak probatu eta, gustua hartzen badiogu, orduan bai, orduan ‘Instalatu’ botoiari eman. Instalazioa, aipatu bezala, bi eratan egin daiteke: orain daukazun sistema eragilea erabat ordezkatuz, ala haren ‘ondoan’ ezarriz, ordenagailua piztean batekin ala bestearekin abiarazi erabakitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.