Twitter gorrotagarria da albiste txarrak ematen dizkizunean. Gaurkoan, Iñigo Arandiak eta Edu Lartzangurenek atera naute inopiatik, mezu kate honekin:
https://twitter.com/iarandia/status/806520814921281536
Albistea hortxe dago, Arandiak botatako txioan, nahiz eta ni lehenengo momentuan ez naizen konturatu. Joan den astean hor zehar zebiltzan zurrumurruak egiaztatu eta FitBit etxeak erosi du Pebble smartwatch egilea.
Gauza ez litzateke oso larria, detaile batzuengatik ez balitz. Jakingo duzuenez, Pebbleren ezaugarri nagusiak bi izan dira:
- tinta elektronikozko pantailekin eta oso elektrizitate kontsumo txikiarekin dabiltzan erloju adimentsuak egin izan ditu
- proiektu berri gehienak Kickstarter plataformaren bidez finantzatu ditu. Plataforma horrek inoi ezagutu dituen proiekturik arrakastatsuenak izan dira, bide batez.
Duela hilabete batzuk, Pebblek iragarri zuen Pebble 2 eta Pebble Time 2 modeloak aterako zituela. Aurrekoek baino pantaila handiagoa, pultsoa hartzeko sentsorea eta software mailako berrikuntza batzuk ekarri behar zituzten. Pebble 2, oinarrizko bertsioa, plastikozko gorputzarekin, eta Pebble Time 2, apur bat ‘premium’-agoa, metalezkoa.
Horiek egiteko, crowdfunding kanpaina bati ekin zion Pebblek, laguntzaileek erloju berriak azarotik aurrera jasoko zituztela esanez. Oinarrizko modeloko unitate gehienak banatu, eta premium bertsioa fabrikatzen ere hasi aurretik, Pebblek gaur esan du Fitbitek erosi dituela bere baliabideak. Ingeniaritza eta teknika alorreko langile batzuk Fitbitera doaz lanera, baina Pebbleren beraren jarduera bertan behera geratzen da erabat. Eta erabat esaten dutenean, esan nahi dute, besteak beste:
- Kickstarterren dirua jarri eta honezkero erlojurik jaso ez dugunok, ez dugula jasoko.
- Haren ordez, jarritako dirua itzuliko digute. Hasieran esan zuten 2017ko martxotik aurrera egingo zutela itzulketa, baina orain dabiltza esaten 10 eguneko epean egon daitekeela eginda.
- Garantia eta zerbitzu teknikoa gaur bertan geratu da bertan behera. Arazorik izanez gero, webgunera jotzeko gomendatzen dute.
- Gaur arte salgai egon diren produktuak ezin dira bueltatu. Astelehenean Pebble bat erosi zuenak, datorren astean jasotzen duenean ez du zerbitzu teknikorik izango, baina ezin izango du itzuli.
- Gauza bera mundu osoan zehar saldu dituzten milaka erlojuen jabeentzat: 3 urte zein bi aste izan, zerbitzu tekniko eta garantia bera dute: zero.
Berriako Edu Lartzangurenek -txantxetan uste izan dut hasieran- galdetu dit ea umezurtz sentitzen naizen.
Umezurtz sentitzen zara? @iarandia
— Edu Lartzanguren (@edulartzanguren) December 7, 2016
Eta tira, bai, umezurtz bai, neurri batean. Pena handia da Pebbleren itxiera, nire ustez behintzat oso bide onetik ari zirelako esploratzen erlojuen kontu hori: megahertzio eta prozesagailu abiadura eta halako gerretan sartu beharrean, produktuaren erabilgarritasunean, erosotasunean eta halakoetan zuten fokoa jarrita. Ez dago merkatuan beste erloju adimentsurik, bateriak astebete baino gehiago irauten dionik. iOS zein Androidekin bateragarria denik. Funtzionalitate bera eskaintzen duenik. Beraz, bai: zentzu horretan umezurtz sentitzen naiz. Oraingo Pebble hauek funtzionatzeari uzten diotenean, ez dute antzeko ordezkorik. LED pantaila eta sistema itxien filosofiatik datozen Apple Watch eta Android Wear kontzeptuen garaipena da. Albiste tristea. Blogeko zirriborro bat ere banuen idatzita, daukadan Pebblerekin urtebeteko esperientzia kontatuz, eta abar. Joan zaizkit gogoak sarrera hori bukatzeko, noski.
Baina triste baino, haserre nago: umezurtz baino, engainatuta sentitzen naiz, estafatuta. Pebbleren jabeak ederto beteko zituen poltsikoak salmentarekin, eta mezenas aritu garenoi barkamena ere ez digu eskatu jokaldia azaltzeko idatzi duten blogeko sarreran. Dirua itzuliko digutela halako batean, urtebete geroago ia-ia, interesik gabe eta tokatzen den truke-tasan. atzo arte saltzen ibili diren erlojuak batere soporterik gabe geratzen direla. Erositakoa ezin dela itzuli… Azal lodia izan behar da gero. Oso lodia!!!
Esandakoa: umezurtz baino, haserre nago. OCU kontsumitzaileen elkartera ere idatzi dut, ea legez zerbait egin daitekeen haien kontra. Gutxienez kalteordainak, interesak eta abarrak ordaintzea. Pentsatzen dut ez dela aukera handirik izango, enpresa atzerrikoa denez gero. Baina tira, ez dadila izan, gutxienez, ez galdetzeagatik!!!
Teknologia enpresek gaur duten negozio ereduarekin lotuta dago kontua. Honetan oinarritzen da: dagoeneko ez gara produktuen jabe, ez behintzat “jabe” lehen ulertzen zen moduan. Gailu bat erosten duzu, baina ez da zeurea, zu “erabiltzaile baimendu” bat besterik ez zara. Esaterako: Apple ordenagailu bat baduzu, beraiek erabakitzen dute noiz geratu den zaharkitua eta noiz erretiratu behar duzun, ez zuk. Nahikoa dute horretarako sistema eragilea ez berritzea, edo, berritzen badute, zuk duzun hardwarearekin bateragarri ez egitea. Neuri gertatu zait ondo zebilen MacBook batekin (Linuxera pasa nuen, eta oraindik erabiltzen dugu).
Konpainiek boterea hartu dute zure gailua frijitzeko nahi dutenean. Zure Pebblea da horren lekuko.
[…] amaiera kalamitosoa izaten ari gara teknologiari dagokionez! Pebbleren itxierak eragindako ezinegona oraindik pasatu ez dela, beste proiektu hipermoloi batek ere itxi ditu ateak egun batetik bestera […]