Duela 8 urte, segapotoak espabilatzen hasi zirenean, kazetaritzaren mundutik esperantza handiak ireki ziren telefono adimentsu berriekiko, ordenagailu oso bat poltsikoan eraman ahal izatea sekulako aukera izango zelakoan albisteak eta bestelako edukiak gertaerak jazo ahala sortu ahal izateko.
Blogen inguruan ere antzeko itxaropena hedatu zen. Sare sozialak jaiotzeko zeuden artean, eta askok uste zuten/genuen ordenagailua poltsikoan uneoro izateak etengabe ‘blogeatzeko’ aukera emango zigula. Mobloggingaz hitz egiten genuen, blogintza ‘mugikorraz’. Sukar haren erdian, erosketa bat egitea erabaki nuen: estreinatu berri nuen telefonorako bluetooth teklatu eramangarri bat.
Egia esango dizuet: teklatuari ez diot eman espero nuen erabilera guztia, baina hala ere oso-oso erabilgarria suertatu zait hainbat eta hainbatetan, ez hainbeste telefonoarekin, tabletarekin baizik. Beraz, zortzi urte pasako teklatu hura arazoak ematen hasi zaidanean, antzeko beste baten bila hasi naiz. Eta ez pentsa lan erraza izan denik:
- Tabletetarako teklatu eskaintza zabala dago, eta etxe handiek modelo ofizialak ere badituzte. Beti bezala, garesti samarrak eskaintzen dutenerako.
- Nirea bezalako 8 hazbeteko tableta baten kasuan, ordea, eskaintza ‘ofizialik’ ez dago apenas, eta marka ‘ez ofizialek’ ere ez dute gauza handirik: gehienak funda + teklatu ‘konboak’ dira. Oro har, espantosoak dira. Fundak ezin zatarragoak, eta teklatuen tamaina txikiegia ganora minimo batez idatzi ahal izateko. Fundarik gabe ere aurki litezke, baina kasu gehienetan, teklatuak txikiegia izaten jarraitzen du, eta ezin da erosotasunez idatzi.
Panorama ikusita, neukanaren antzeko teklatu tolesgarri baten bila hasi naiz. Badakit Amazonen-eta hainbat modelo daudela salgai, baina kasu honetan, niretzat oso garrantzitsua zen probatzea erosi aurretik. Denda fisiko batera sartu naiz -esperantza gutxirekin- eta modelo bakarra aurkitu dut. Ez zaidanez aukera txarra iruditu, etxera ekarri dut probatzeko.
TenGO! MicroKeyboard
Ten-GO! enpresa madrildarra 2012an sortu zen, eta Android gailuak egin eta saltzera dedikatzen da nagusiki. Imaginatzen dut sektoreko beste hainbat enpresaren ereduari jarraituko diotela: marka zuriko fabrikante Asiarren lizentziak erosi, euren marka gehitu, dokumentazioa itzuli eta egokitu, eta saltzera! Edonola ere, katalogo zabal eta interesgarria dute, zalantzarik gabe.
Katalogo horretako ‘kide’ bat TenGo! MicroKeyboard delakoa da, gure gailuetara Bluetooth bidez konektatzen den teklatu tolesgarria. Android, iOS zein Windows sistemekin erabil daiteke ‘ofizialki’.
Zer dago kutxan?
Paketean ez duzu aparteko luxurik aurkituko: gomaespumazko pieza zulatu batean bilduta teklatua, bateria kargatzeko microUSB kablea, eta erabiltzen hasteko gida azkar bat. Gidatxo horretan hainbat trikimailu erabilgarri aurkituko ditugu, karaktere bereziak ateratzeko, adibidez.
Teklatua kutxatik atera eta, enfin, estetikoki zainduagoak ere ikusi ditugu, egia esan. Hori bai: asko eskertzen da gailua hain mehe eta arina izatea.
Tamainan ezin ezan txikia denik, ordea: orain arte erabili dudan Freedom Universal delakoa eta Appleren haririk gabeko teklatuarekin alderatuz gero, TenGO! Microkeyboard hau hiruretan handiena da, alde handiz gainera:
Horrek, baina, ez du esan nahi teklatua bera handiena denik. Argazkian ikusten denez, teklei espazio gutxien uzten dien espazioa da TenGO!-rena: 242 mm-ko zabalera du ezkerreko teklaren ezkerreko ertzetik eskumako teklaren eskumako ertzera. Distantzia hori 271 mm-koa da Appleren teklatuan, ia 3 zentimetro gehiago errenkada bakoitzeko teklen artean banatzeko. Lastima, hutsik dauden albo horiek ondo aprobetxatuz gero, egundoko teklatu puska geratu zitekeen-eta!
Ezaugarri orokorrak
Gainontzekoan, tira: TenGo! microKeyboard hau Bluetooth 3.0 bidez konektatzen da zure gailura, 10 bat metrotik erabil daiteke. 200 mAh-ko Ioi-Litio bateria du. Enpresaren arabera, 20 orduko iraupena du etengabe piztuta izanez gero, eta 22 egunekoa egonean.
Ofizialki, Windows, iOS eta Android sistema eragileekin bateragarria da. Funtzio-tekla errenkada berezi bat du goiko aldean, badakizue: hasiera, atzera, bilaketa, bolumena gora eta behera… tekla horiek ondo funtzionatzeko, konfigurazio aldaketa sinple bat egin behar da: Fn tekla eta dagokion sistema eragilea aukeratuz.
Windows konfigurazioa hautatuta, arazo handiegirik gabe erabili ahal izan dut nire iMacean, adibidez, eta seguru nago Linux eta beste sistema batzuetan ere erabili ahal izango dela, nahiz eta, beharbada, funtzio teklak galdu.
Aipatu bezala, teklatua tolesgarria da. Horri, eta bere pisu arinari esker (185 g.), oso erosoa da poltsa txiki batean eramateko. Ordaina, noski, teklen kokapenean egin behar izan duten sakrifizioa. Teklatua tolesten den gunetxo horretan ez dago batere teklarik , eta inguruko teklek tamaina eta disposizio bitxi samarra dute. Espazio barra ere, noski, bi tekla dira, bakar baten ordez. Aitortu behar dizuet tolesteko bandaren arazo hori askoz hobeto ebatzita zegoela erabiltzen nuen aurreko teklatuan.
Hartan espazio barra bai, bitan zatituta zegoen, baina beste tekla guztiak bandaren gainean gainjarrita daude, hura estaliz, eta ondorioz, teklen konfigurazioa askoz ere estandarragoa da.
Asko gustatu zaidan ezaugarri bat da teklatua itxita mantentzeko sistema magnetikoa. Nahikoa da ixteko keinua egitea, eta alde biek elkar ukitzen dutenean, tak!, hortxe geratzen da. Zabalik mantentzea beste kontu bat da: teklatu zaharrak badu pasadore moduko bat, teklatua zabalik mantentzeko balio duena. TenGO!-renak ez du halakorik, eta ondorioz, azalera horizontala beharko duzu ganoraz erabili ahal izateko. Trenean zoazela altzoan zabaltzea, adibidez, ez da aukera bat, hanken artean sartu eta itxi egingo zaizulako. Txikikeria dirudi, eta erraz konpontzeko modukoa gainera, baina mugikortasunerako pentsatutako gailu batean oso detaile garrantzitsua.
Errepasoarekin bukatzeko, teklatu honek beste osagarri bat dakar, bere gorputzean integratuta. Atzeko partean, gailutik bereizi daitezkeen plastikozko bi hegal aurkituko ditugu. Hegal horiek dituzten zirrikituei jarraituz, bata bestearekin kateatuz gero, momentutxo batean lortuko dugu gure telefono edo tabletarentzako euskarria, zutik mantendu eta pantaila argiago ikusi ahal izateko. Ideia ona eta praktikoa, baina nik neuk nahiago nuke espazio hori teklatua zabalik mantentzeko sistemaren bat txertatzeko sartu izan balute.
Amaitzeko, erabilerari dagokionez, teklatua oso azkar eta erraz parekatu dut nire tableta eta telefonoarekin egin ditudan probetan. Oso azkar erantzuten du, ez dago atzerapenik tekla bati sakatzen diozunetik letra pantailan agertu arte. Gailuaren itxura orokorra ikusita, nire beldurrik handiena zen tekleatzean ukitu plastiko edo ‘gomosoa’ ez ote zuen izango. Zorionez, ez da hala eta, erdiko teklen konfigurazio arraroarekin eta tekleatzeko espazio txikiarekin ohituz gero, duintasun handiz portatzen da.
TenGO! microKeyboard teklatu tolesgarria
-
Fabrikazioa, materialen kalitatea - 50
-
Funtzionamendu orokorra (abiadura, konexioaren egonkortasuna...) - 90
-
Teklen ukitua eta erantzun denbora - 85
-
Erabilerraztasuna - 90
-
Erabilgarritasuna - 80
-
Diseinua - 40
-
Prezioa - 75
Laburbilduz...
Tableta edo telefonoari erabilera ‘produktiboa’ eman nahi badiozu, teklatu hau oso osagarri interesgarria da, eta ez dizu sakrifizio ekonomiko izugarria eskatuko. Bere funtzioa ondo betetzen du, baina ez espero luxu handiegirik…
User Review
( votes)( reviews)
[teknopata-eu] Teklatu eramangarri eta tolesgarria https://t.co/AAYCiAzOmf
Teklatu eramangarri eta tolesgarria https://t.co/WjAqjPDpUq
RT @joxe: Teklatu eramangarri eta tolesgarria, @info_tenGO etxearena https://t.co/uAuEDww6ox
Tableta edo telefonoarekin testu luzeak idazteko teklatu tolesgarria… https://t.co/B4eREPRXS2
RT @joxe: Tableta edo telefonoarekin testu luzeak idazteko teklatu tolesgarria… https://t.co/B4eREPRXS2
@joxe eta erosi duzu?
RT @joxe: Tableta edo telefonoarekin testu luzeak idazteko teklatu tolesgarria… https://t.co/B4eREPRXS2
Teklatu tolesgarria, tableta zein telefonotik lan egiteko… https://t.co/MJGPEnFxhE
RT @joxe: Tableta edo telefonoarekin testu luzeak idazteko teklatu tolesgarria… https://t.co/B4eREPRXS2
RT @joxe: Tableta edo telefonoarekin testu luzeak idazteko teklatu tolesgarria… https://t.co/B4eREPRXS2
Zure gailu eramangarriak produktiboago bihurtzeko teklatu tolesgarria https://t.co/vYZJJlf27d
RT @joxe: Zure gailu eramangarriak produktiboago bihurtzeko teklatu tolesgarria https://t.co/vYZJJlf27d
@joxe atomiko samarra dirudi bai teklatu tolesgarriak:)
@joxe nik iguala dut, itzela da!
@joxe alternatiba bat: usb moldagailua+teklatu inalanbriko arrunta https://t.co/rk0zpKHcyx