2014ko abenduaz geroztik, nire sakelakoa OnePlus One bat da. Besteak beste, Androiden aldaera den CyanogenOS sistemarekin datorrelako aukeratu nuen bere garaian.
Cyanogen hori oso ezaguna da Android mundutxoan. Boluntarioek garatutako sistema du oinarri: Googleren Android ofiziala hartu eta, boluntarioen laguntzaz, auzolanean hobetuz eta osatuz joan dena. Komunitateak sortutako Android aldaera horri CyanogenMod deitzen zaio, eta oso irtenbide egokia da, besteak beste, telefono zaharrak biziberritzeko. Oso ondo funtzionatu ohi du, eta ondo aprobetxatu ohi ditu telefonoaren osagarriak. Sarritan, etxeko sistema ofizialarekin baino dezente azkar eta eraginkorrago ibiltzen dira telefonoak Cyanogen aldaera erabiliz.
Kontua da, halako batean, CyanogenMod garatzen zuen taldeak enpresa bihurtzea erabaki zuela. Une horretatik aurrera, CyanogenMod-ek beti bezala jarraitu du, baina horrez gain, bertsio komertzial bat ere sortu dute: CyanogenOS. Bigarren hori telefono enpresa jakinei saltzen die Cyanogen-ek, gailu horien sistema ofiziala izan dadin. OnePlus enpresak One telefonoa aurkeztu zuenean, halako hitzarmen bat egin zuen Cyanogenekin, telefonoaren sistema Cyanogen izan zedin. Hitzarmena hautsi egin da gerora, baina tira, hori beste egun batean kontatuko dizuet.
Cyanogenek duen beste abantaila bat Googlerekiko independentzia da. Duela hilabete batzuetatik hona batez ere, Cyanogen tematuta dabil bere sistema Googleren menpekotasunetik askatzeko. Hala, azken bertsioetan Google Calendar, Gmail eta beste aplikazio batzuk kendu ditu sistematik, haien ordez berak edo beste programatzaile batzuek sortutakoak ezarriz. Ez dirudi ideia txarra Anaia Handiaren atzaparretatik ihes egin ahal izateko.
Bada, azken bertsioan, 12.1 delakoan, Cyanogenek Androiden berezko telefono aplikazioa ere ordezkatu du. Googlerena kendu eta, haren ordez, Truecaller izenekoa ezarri du. Paperean behintzat, abantaila handiak eskatzen ditu aplikazio berriak:
- Spam deiak ezikusi edo zuzenean baztertzeko aukera: call center bati dagokion telefono baten deia jasoz gero, aplikazioa gauza da dei hori zuzenean eteteko, edo, nahi izanez gero, deia telefonoan entzun ere egin ez dadin eragiteko. Horixe da Truecaller horren argudio komertzialik handiena: lasaiago bizitzea errazten omen du, komertzial astunen deiak murriztuz.
- Horrez gain, funtzio ‘magiko’ bat ere eskaintzen du. Zure agendan ez dauden telefono zenbakiak ere identifikatzeko gauza da. Hau da, kontaktuen zerrendan ez daukazun zenbaki baten deia jasotzean, Truecaller-ek bere datu basea arakatu eta, ttak, zenbaki hori norena den esaten dizu. Eta gauza bera agendan ez daukazun zenbaki bat markatu behar duzunean ere.
Ederra, ezta? Arazoa da Truecaller-ek nola elikatzen duen bere datu-basea. Basikoki, aplikazioak egiten duena da bere erabiltzaile guztien agendak lapurtu, haien datu-base erraldoian bateratu, eta hortik atera informazioa.
Aplikazioa lehenengoz erabiltzen duzunean beraz, egiten duen lehenengoa da zure kontaktu zerrenda osoa hartu eta haren datu-basean kopiatu. Datu-base hori, gainera, edonork kontsulta dezake truecaller.com webgunetik: edozein joan daiteke webgunera eta, zure kontaktuetako edozeinen telefono zenbakia bertan sartuta, haren izen-abizenak, emaila eta gordeta daukazun bestelako informazioa ere ikusi ahal izango du (argazkia, helbide fisikoa, lantokia…).
Enpresak esaten du ez duela halakorik egiten, baina erraza da kontrakoa konprobatzen: amaren telefonoa “Abuelita Pepita” bezala daukat gordeta, ilobak hala deitzen diolako. Bada, lehengo egunean Truecaller madarikatu hori lehenengoz erabili nuenetik, truecaller.com webgunera jo eta amaren telefonoa bilatzen badut, honako hau agertzen da bertan:
Txarrena, Abuelita Pepita ez ezik, nire agendan dauden beste 332 kontaktuak ere igo dituela aplikazioak bere zerbitzarira. Eta den-denak jarri ditu hor, eskaparatean. Behin hori egin duenean, gainera, ez dago modurik batek bere agenda Truecaller zerbitzaritik ezabatzeko, ez bada kontaktu guztien zenbakiak banan-banan idatzi eta ezabatuz.
Arazoa, beti bezala: irakurri gabe onartzen diren erabiltzeko lizentzia luuuze eta ulergaitz horiek. Truecallerrenak bereziki beldurgarriak dira, gehiegizkoak eta, esango nuke, erabat ilegalak, datu pribatuak babesteko Espainiako legearen arabera behintzat. Aplikazioa erabiltzeko onartu behar den hitzarmenean, besteak beste, bi harribitxi hauek topa daitezke:
- Baimena eman behar zaio Truecaller-i aplikazioa erabiltzen den gailuaren IP helbidea, identifikazioa, erabilera datuak, gailuaren informazio teknikoa, sistema eragilea, instalatutako aplikazioak, gailu osagarriak eta bestelako informazioa gordetzeko, software eguneraketak, produktuaren inguruko laguntza eta bestelako zerbitzuak ematea errazteko.
- Gainera, harrapazank Txiribiton, baimena eman behar zaie gailuko kontaktuen zerrendako hainbat informazio biltzeko (zure kontaktuen inguruko informazioa: telefono zenbakia, izena, e-maila, helbidea…). Baita bildutako informazio hori enpresak eskaintzen duten zerbitzuaren parte gisa erabiltzeko ere. Aplikazioa erabiltzean erabiltzaileak bermatzen du aipatutako kontaktu guztien baimen guztiak dituela haien datu pertsonalak partekatzeko. (Jokaldi zuhurra da hori, zeren horrela, datuak babesteko legeekin arazorik sortuz gero, erantzukizun legala erabiltzailearena izan liteke, eta ez Truecallerrena).
Total, spam deietatik libratzeko aitzakiaz, Truecaller honek Troyako zaldi bat sartzen digula telefonoan, gure agendako datu guztiak lapurtzeaz gain, gu geu arazo legal potolo batean sar gaitzakeena. Ikusi ahal izan dudanez, enpresa marketing biral potentea egiten dabil (bilatu Truecaller Twitterren eta ikusiko duzue, ia ezinezkoa da kontrako komentariorik aurkitzea!).
Hortxe beraz, abisua: baten batek Truecaller edo TrueMessenger aplikazioak instalatzeko eskatuz gero, jakin zuen kontaktuei banan-banan eskatu behar diezuela baimena lehenengo eta behin, arazo legal potolorik nahi ez baduzue behintzat… eta hortik aurrera zuen agenda osoa Truecallerrena izatera pasatuko dela.
CyanogenOS erabiltzen baduzue, 12.1 bertsioa instalatutakoan EZ ONARTU Truecaller zerbitzuak erabiltzea, eta ezabatu “Truecaller services” aplikazioa zuen gailuko ezarpenetatik. Edo bestela, pasatu CyanogenMOD bertsiora, horrek telefono aplikazio normala baitakar. (Horixe egin dut nik azkenean, haserrearen haserreaz, ordu batzuk kostatu bazait ere!).
Ah, eta, badaezpada, joan orri honetara lehenbailehen, zuen zenbakia Truecaller datu-basetik ezabatzeko.
Ezagutzen duzue Truecaller aplikazioa? Kontuz ibili, gozoki pozoindua da ta. http://t.co/bpr7blIIi1
RT @joxe: Ezagutzen duzue Truecaller aplikazioa? Kontuz ibili, gozoki pozoindua da ta. http://t.co/bpr7blIIi1
Truecaller aplikazioa: nire agenda nire, eta zurea, gure… http://t.co/RXR0BHwuj5
@joxe Egiaztatu dut CyanogenMod bertsio komunitarioak ez dakarrela True Caller, aipatzen duzun bezala CyanogenOS bertsio komertzialean dago.
RT @joxe: Truecaller aplikazioa: nire agenda nire, eta zurea, gure… http://t.co/RXR0BHwuj5
Kontuz Truecaller aplikazioarekin, zure agenda guztia lapurtuko dizu ireki bezain pronto! http://t.co/EIyy4flkBd
@katebevan wrote a long post on my blog on this this week… for me it’s just a trojan horse http://t.co/WTRkl8XhCN @danraywood @truecaller
Truecaller: Troyako zaldia, apli bihurtuta: http://t.co/BOsNbZSqBD
RT @joxe: Truecaller: Troyako zaldia, apli bihurtuta: http://t.co/BOsNbZSqBD