Interneti buruz hitz egitean, gauza asko ematen ditugu egintzat. Badira sarearen hainbat ezaugarri, nolabait ‘naturaltzat’ hartu ditugunak jadanik. Sarritan ez gara konturatzen internet asmakizun berri samarra dela, eta oraindik asko alda litekeela denborarekin. Pentsa inprentak, irratiak, telefoniak edo telebistak –interneten antzeko teknologiak aipatzearren- zer nolako aldaketak bizi izan dituzten asmatu zirenetik zabalkunde handia lortu arte.

Naturaltzat jotzen ditugun ezaugarri horietako bat, adibidez, sarearen neutraltasuna da: internet zerbitzua kontratatzen dugunean, linea baino ez dugu ordaintzen, azpiegitura bera. Gure konexioa e-mailak irakurtzeko, Youtubeko bideoak ikusteko ala gure blogean idazteko erabili, zerbitzua –eta prezioa– berbera da, ez da aldatzen.
Bada, internet hornitzaileak, Telefonica, Vodafone eta enparauak, gero eta jarrera oldarkorragoa erakusten ari dira neutraltasun horren aurka. Argudio sinple bat darabilte: eduki enpresek (Google, Facebook, Amazon eta halakoek) diru asko egiten dute sarean, eta irabazi horiek ezinezkoak lirateke hornitzaileek jarritako azpiegituragatik ez balitz. Beraz, irabazi horien zati handi bat haiena da.
Hari horretatik tiraka, AEBetan proposamen zehatzak egin dituzte jadanik hornitzaileek. Abiadura (eta prezio) ezberdinetako sareak sortu nahi dituzte: horrela, e-maila kontsultatzeko konexioa kontratatzen duenak, aparte ordaindu beharko lioke hornitzaileari Youtuben edo Googlen bertan sartzeko. Ezaugarri ezberdinetako paketeak sortu nahi dituzte, sare bidez jaso nahi diren zerbitzuen arabera: emaila+bilatzaileak 10 dolar hilean, Amazon+Ebay beste 5, Youtube+Vimeo beste 10…
Zorionez, Estatu Batuetako administrazioak duela aste batzuk erabaki du internet oinarrizko zerbitzutzat hartzea, eta bidea moztu die hornitzaileei halako bereizketak egiteko. Baina besteek ere ez dute amore eman, noski, eta bide horretan tematuko dira. Europako Batzordeak ere sarearen neutraltasunaren aldeko adierazpena sinatu zuen iaz, baina oraindik ikusteko dago nola eutsiko dioten botere publikoek enpresa pribatu handien presioari.
@joxe Oso ondo laburbildu duzu.
RT @joxe: Sarearen neutraltasuna jokoan http://t.co/0xyW8rTN6n
RT @joxe: Sarearen neutraltasuna jokoan http://t.co/0xyW8rTN6n
Sarearen neutraltasuna seguruenik asmakizun honen ezaugarri garrantzitsuena dugu eta horrela izanda hobekien defendatu behar den gotorlekua da.
Abantaila ekonomikoa lortu nahi duten operadoreen iritzia argia da eta beraz hauen mugimenduak gertutik jarraitu beharko dira.
Sarreran aipatzen dituzun eduki sortzaileek benetan neutraltasuna defendatzen badute (momentuz ez nuke gogor apustua egingo hauen alde), euren operatzaile propioak sortzeko adina botere dute. Gauzek berdin jarraitzen badute, operadore tradizionalen desagertzea izango litzateke aukera errazena.
Arrazoia Markel, baina ez dakit horrek ere funtzionatuko ote duen. Egunotan ezagutu ditudan Google Fi eta Internet.org proektuek (alegia, Google eta Facebooken saiakerak konexio hornitzaile ere bihurtzeko) ez omen dute neturaltasunaren oso alde egiten. Informazio gehiago jaso behar dut bi horien inguruan, baina buf, panorama ez da batere lasaigarria…