Teknopataren ajeak

Uscaras no tengo, amante

Auzoan denda berria topatzea beti da aukera ona euskara hedatzen saiatzeko. Baina batzuetan, euskaraz eskatu eta ordainetan 'uscaras' topa daitezke...
Hiztripua frutategian

Gaaaauuurrr, beste esperientzia muturreko bat, ‘transblog’ formatuan gainera: hemen azpian komiki eran, eta Barretartia blogean, berriz, zuzendariaren bertsio literario hedatuan!

KONTUZ: litekeena da ondoko irudiak irakurleren bat edo besterentzat iraingarri suertatzea!

Hiztripua frutategian

Jatorrizko testua (2023/01/22an gehitua)

Idoia laguna Barretartiako bloga desagerrarazi duenez, eta kultur ondarea babesteko asmoz, hona ere ekarri dut testua badaezpada ere. (Goiko lotura ere aldatu dut, Internet Archive zoragarriko kopiara apuntatzeko, baina badakizue, ezer ez da betiko eta…). Gozatu!

Frutategi berria zabaldu digute auzoan. Esku-eskura daukat, etxeko atariaren pare-parean. Gaur, gainera, Xabineitor samar jaiki naiz: tokiko merkatari txikiei lagundu behar zaie. Eta euskaraz egitera animatu ere bai.

Egia esan, euskararena borroka galdutzat daukat aspaldi-aspaldi nire herrian. Eskolan, ‘El Vasco’ deitzen genion klasera gurekin etortzen zen bertoko baserri bakanetako bateko semeari. Izenik ere ez zeukan hark: “hasta mañana, Vasco”, “pasa la pelota, vasco”… Eta horrela beti. Bera zen exotikoa bere herriko eskolan, Andaluzia, Galizia, Extremadura, Portugal eta beste hainbat tokitatik etorritakoen umeok inguratuta…

Total, frutadenda zabaldu digutela auzoan. Eta estreinatzea erabaki dudala. Estreinatzea eta, ahal dela, harreman berri hori euskaraz eraikitzea. Sartu naiz lehen okindegi izandako dendara eta han, garai batean croissant, karolina, donut eta bollomantekillak zeuden apal eta erakustoki berberetan, makina bat koloretako panorama dago orain: berde tonalidade guztiak, gorria, horia, zuriska, horia… panorama ederra benetan.

Saltzailea 50 urte pasako emakume bat da, pelukeriatik duela gutxi igaro eta tinte errubioa berritutakoa. Urduri dago, ni baino lehen sartu den bezeroa artatzen. “Ya llevas todo, amante? Te he puesto la lechuga, las vainas, tomates, platanos, naranjas y las nueces”. Besteak baietz, kontua egiteko. Une batean saltzaileari ‘bai’ bat eskapatu zaiola pentsatu dut. Eta hor puztu zait barruko Xabineitorra, harro-harro: “Egiozu euskaraz honi, Joxe, eta herri osoa euskaldunduko duzu ti-ta!”.

Alde egin du nire aurreko bezeroak, eta niri begiratu dit ilehoriak: “Holaaaaaaaaaa” goxo-goxo. Goxoegi aukeran. Etxebarri neuk bakarrik euskalduntzearen satisfakzioa aurreratuz, irribarre zabal bat eskaini diot nik:

-Euskaraz?

-¿Uscaras? Uscaras no tengo, amante, no sé lo que son. Ya te traigo para el viernes si quieres. ¿Te quieres llevar unas mandarinas mientras? ¡Son super-ricas!

Isilik geratu naiz, lekuz kanpo, ahobete hortz. Nire hizkuntz-bizitza guztia pasatu zait begien aurretik: Maribi andereñoak eskolara ekartzen zizkigun laminak, berak marraztutakoak, Mari Carmen eta Luisa Mari, batzokiaren euskarazko ipuin lehiaketara apuntatzeko animatzen. Institutu garaiko Karmele eta Marian, euskaltegian izen emateko sujeritzen… Gau eskolako lehen klaseak, uda ikastaro trinkoak, EGA azterketa, AEKn irakasle emandako urteak…

-Txiki, -saltzailea, irribarretsu, bera ere begiak zabal-zabalik- ¿qué me decías? ¿Uscaras? ¿Y qué son pues? ¡Es que no he oído nunca!

Totelka erantzun diot nik, shock egoeratik irten ezinda:

-No, que si me puedes atender en euskera.

-¡Ah! ¡Ay amá! Pues no, amante, ya siento ¿eh? Mira que llevo 32 años aquí, pero no he aprendido. Mi hijo el pequeño sí que sabe, pero el mayor tampoco eh? Bueno y la chica sí, esa está haciendo la carrera en euskera y todo…

Total, bi kilo mandarinarekin bueltatu naizela etxera. Txar-txarrak gainera.

Iruzkin 1
  • Bitacoras.com
    2013(e)ko urtarrilak 2 at 09:01

    Información Bitacoras.com…

    Valora en Bitacoras.com: No hay resumen disponible para esta anotación…

    Reply
  • juan
    juan
    2013(e)ko urtarrilak 11 at 09:17

    Kaixo: 35 urtetan euskara irakasten jardun ondoren jubilatu naiz. Norbaitek familaian, lanean eta giza harremanetan inolako aitzakiarik gabe euskaraz mintzatzeko konpromezua hartuko balu, ehun orduko mintza-praktikak doan eskainiko nizkioke. Nire emaila hauxe duzu, adiskide: oleagajl@hotmail.es.

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.