Komunikazioa

Financial Times eta App Store bidezko harpidetzak

Steve Jobsen enpresak prentsaren salbatzailetzat aurkeztu du bere burua sarritan, batez ere iPadaren etorrerarekin, eta egunkari asko ere Appleri begira daude euren etorkizun digitala nondik nora joango den erabakitzeko. iSalbazioak, ordea, peajeak eta kalte kolateralak baditu, eta ez gutxi, gainera.

Honezkero denok jakingo duzue Applek bere sistema eragileen bertsio berriak aurkeztu dituela, eta online zerbitzu berriak ere abiatzekotan dela, eta abar eta abar.

Neuk ere Apple aipatu nahi dizuet gaur, baina ez horren berri emateko. Steve Jobsen enpresak prentsaren salbatzailetzat aurkeztu du bere burua sarritan, batez ere iPadaren etorrerarekin, eta egunkari asko ere Appleri begira daude euren etorkizun digitala nondik nora joango den erabakitzeko.

Financial Times eta App Store bidezko harpidetzak 1 - teknopata.eus
Financial Times aplikazioa bertan behera geratuko da HTML5 bertsioaren mesedetan

iSalbazioak, ordea, peajeak eta kalte kolateralak baditu, eta ez gutxi, gainera. Lehen biktima argi eta garbia, nire ustez behintzat, paper elektronikoa da. iPadaren merkaturatzeak eta Applek haren inguruan muntatu duen txarangak lehiakide guztiak tablet erako gailuei begira jarri ditu, paper elektronikoan oinarritutakoak bazter utzita. Irakurterrazagoa, energiaren kontsumoaren aldetik askoz ere eraginkorragoa eta gailu eramangarrietan erabiltzeko askoz ere egokiagoa den teknologia (prototipo malguak ere ikusiak ditugu han-hemenka) dike lehorrean geratu da, Appleren gailuak sortu duen lilurarekin lehiatzeko ahaleginetan.

 

Applek lortu du prentsa digitalaren alorrean erreferentea izatea (euskarriari dagokionez behintzat), eta botere hori baliatu nahi du etekin ekonomiko handiagoak lortzeko (beste edozein enpresak ere berdin egingo luke, noski). Baina jokaldia txarto atera ahal zaio Jobsi.

Joan den otsailean, App Store online dendaren bidezko harpidetza sistema estreinatu zuen. Haren bidez, aplikazio egileek harpidetza kuotak kobra ditzakete euren aplikazioen bidez. Esaterako: FInancial Times egunkariak aplikazioa sor dezake bere edukiak Appleren gailuetan irakurri ahal izateko, eta aplikazio horretan bertan txertatu eduki horien harpidetza eskatu eta ordaintzeko aukera.

Aukera erosoa irakurlearentzat zein hedabidearentzat, zalantzarik gabe, xehetasun bat behintzat albo batera uzten badugu: Appleren politiken arabera, sistema horren bidez lortzen den diruaren %30 Applerentzat berarentzat izan behar duela. Financial Timesen harpidetzaren truke 15 euro ordainduz gero, 4,5 Jobsen poltsikora doaz.

Eta gertatu behar zena gertatu da: Financial Times gogaitu egin da baldintza horiekin eta, batez ere, lehenago ala beranduago aldatzeko ikusten diren aukera urriekin, eta pikutara bidali du bere aplikazioa. Haren ordez, iGailuetan primeran ikusten den webgune dinamiko berri bat sortu du, HTML5 erabiliz, eta haren bidez bideratuko ditu aurrerantzean harpidetzak zein harpidedunentzako edukiak. Abantaila gehigarri bat ere badu horrek: Applerenak ez diren gailuen jabeek ere egin ahal izango dute harpidetza, merkatua zabalduz.

Ez dakit FInancial TImesen kasua anekdotan geratuko den, ala beste batzuek ere jarraituko dioten. Financial TImes publikazio handia da, irakurle asko eta asko dituena, eta Appletik banatzeko margen nahikoa izan dezake, baina hedabide txikiagoek beharbada nahiagoko dute Appleren bidezko harpidetzen %70, ezertxo ere ez jasotzea baino…

2 iruzkin
  • e-gor
    2011(e)ko ekainak 9 at 12:40

    Ez da %30aren kontua soilik, Apple-k beste gauza batzuetara ere behartzen ditu harpidetzentzako aplikazio bat egiten duten egunkariak (http://www.error500.net/medios/apple-industria-contenidos-banca): Apple-k kudeatzen ditu harpidedunen datuak eta ez egunkariak, ezin du bere webgunean edo beste gailuetarako aplikazioetan harpidetza merkeagorik eskaini, eta ezin du webgunearen bidez harpidetzeko estekarik jarri aplikazioan. Baldintza horietan, oso logikoa iruditzen zait Financial Times-ek egin duena.

    Edonola ere, aplikazioen eredua ez da txarra soilik kasu honetan. Tim Berners-Lee-k, webaren sortzaileak, askotan ohartarazi du Android nahiz iOS-erako egindako aplikazioak web-aren eredu ireki eta printzipioen aurkakoak direla, eta HTML5-en egindako webguneak eta web aplikazioak behar direla (http://www.technewsworld.com/rsstory/71291.html).

    Beraz, web-arentzat eta denontzat onena litzateke beste egunkari eta aldizkariek ere Financial Times-en eredua jarraituko balute, harpidetza bidez nahiz libre: gailu mugikorretara egokitutako webgunea egitea HTML5 erabiliz, eta ez aplikazioak.

    Reply
  • joxe
    2011(e)ko ekainak 11 at 12:33

    Apple prentsarekin egiten saiatzen ari dena izugarria da, literalki. Kontrol ekonomikoaz gain, ideologikoa ere ezartzen ari da argi eta garbi: gustatzen ez zaizkion argitalpenak baztertuz, euren balio moralak inposatuz eta abar… batzuetan beldurgarria da zer bide hartzen ari den kontu honek…

    Eskerrik asko ekarpenagatik, e-gor! Hemengoagatik eta sustatukoagatik ere bai, noski! :)

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.