Albiste onak etorri zaizkigu gaurkoan Bruselatik: telefonia alorreko hamar enpresa handienetakoek hitzarmena egin dute bertan, Europa osoko sakelako telefonoen kargadoreak estandarizatzeko. Hitzarmena Sony Ericsson, Nokia, Motorola, Apple, LG, NEC, Qualcomm, Research in Motion, Samsung eta Texas Instruments enpresek sinatu dute. Hamar enpresen artean Europako sakelako telefoniaren %90 kontrolatzen dute.
Akordioaren arabera, kargadore unibertsala datorren urtetik aurrera hasiko da erabiltzen, eta microUSB konektorean oinarrituta egongo da. Horrek behin betiko desagertaraziko ditu gaur egun Europan aurki daitezkeen 30 konektore ezberdinak, eta telefono berria erostean kargadorea ere bota beharra. Europako gobernuaren arabera, gaur egun 51.ooo tona kargadore abandonatu pilatzen dira kontinente zaharrean.
Albiste txarrak ere bai
Dirudienez, akordioa datu-ahalmena duten telefonoei soilik aplikatuko zaie, hau da, deiak eta mezuak egiteaz gain, bestelako funtzioak ere eskaintzen dituztenei. Europako Batasunaren datuen arabera, telefono horiek 2010ean erosiko direnen erdiak izango dira.
Gainera, ‘zehaztu gabeko epe baten ostean’, konektoreak estandarizatzen direnean telefonoak kargadorerik gabe salduko dira, eta beraz, aparte erosi beharko dira behar izanez gero.