Trepetak

Erroboten aurpegi atsegina

Errudun konplejua hartu dut azken asteotan. Guztiz tematuta nabil errobot gaixoen aurkako iritziak botatzen, eta ez da guztiz zilegi.

Kacie Kinzerren Tweenbot bat, pozez zoratzen
Kacie Kinzerren Tweenbot bat, pasioan

Sentimendu garratz hori kentzeko, beraz, erroboten aldeko albistetxo bat ekarri dizuet gaurkoan. Estatu Batuetako artista batek, Kacie Kinzerrek, esperimentu bitxia egin du, errobotak erabiliz, New Yorkeko yuppierik itxuraz bihozgabeenak ere finean gizaki sentiberak direla erakusteko.

Esperimentua sinplea da: Kinzerrek tweenbotak sortu ditu, errobot sinple-sinpleak, jendearen laguntza behar dutenak. Tweenbotak aurrerantz soilik mugitzen den motoretxo bat dauka, eta gorputz gisa, irribarrea margotuta duen kartoizko kutxa xalo bat. Gainean itsatsita, eskuz idatzitako oharra, parke bat alderik alde zeharkatzeko laguntza eske. Horrelakoak benetako parkeetan askatu eta zer gertatzen den probatzen egon da sortzailea.

Sinesgaitza bada ere, gorbatarik beltzenak eta munduko gomina txapelketa irabaziko luketen exekutiboek ere eman zioten laguntza kutxa gaixoari, eta horrela parkea zeharkatzea lortu zuen.Ikusi, ikusi bideoa:

Hori bai, aurreko mezuetan komentatu nizuen tesia bete-betean betetzen da kasu honetan ere: errobota zenbat eta bizidun itxura txikiagoa, orduan eta hobeto onartzen ditugu. Konparatu honek sortzen digun irribarrea lehengo eguneko CB2k edo Sayak ematen duten hozkiarekin, bestela!

[Via: Gizmodo]
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.