Komunikazioa

Doako prentsaren nazioarteko kongresua (1)

Doako prentsaren nazioarteko kongresua (1) 1 - teknopata.eus
Auskalo zer pentsatuko zuen txarteleko testua idatzi behar izan zuen idazkari madrildar petoak! :P

Joan den astean, irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean, I Congreso Mundial de Publicaciones Gratuitas delakoa, doako prentsaren nazioarteko kongresua, alegia, izan zen Madrilen. Topagunean joateko proposamena jaso genuen uda aurretik eta, hasieran kasu handirik egin ez bagenion ere, denborarekin berotzen joan gara, eta azkenean hantxe egotea erabaki genuen, sikieran mundu horretan ‘zer egosten den’ jakiteko.

Aurreikus zitekeen moduan, estatu mailako doako lau egunkariek bultzatutako kontua izaki, kongresuaren zati handi bat euren buruaren alabantzak kantatzeko agertokia besterik ez zen. Baina tartean oso esperientzia eder eta erakargarrien berri ere jaso genuen. Baina tira, Jack destripadoreak esaten zuen moduan, goazen atalez atal:

Arsenio Escolar: neronek asmatu nituen doako argitalpenak

Doako prentsaren nazioarteko kongresua (1) 2 - teknopata.eus
Kongresua egin zeneko Melia Castilla hotela, 1.000 gela baino gehiagoko mamutzarra. Guk Chueca inguruko hostal batean egin genuen lo (parranda apur bat ere bai!).

Irekiera ekitalditik bertatik argi eta garbi ikusi genuen zein izan behar zuen kongresuaren tono nagusia. Arsenio Escolar atera zen agertokira, 20Minutos egunkariaren zuzendaria, eta Espainiara berak ekarri duen (20 minutos 2000. urtean sortu zuenez, estatu osoko aspaldikoena delakoan. Galde diezaiola 20 urte bete behar dituzten …eta Kitto!, Karkara edo Goienkaria-Arrasate Press-i) doako prentsaren balioaz aritu zitzaigun. Esan zuen guztiaren artean, lau zertzeladarekin geratu nintzen ni:

  • Estatuko doako lau egunkarien artean, bederatzi milioi irakurle dituzte egunero. Marka da gero!
  • Doako egunkariek irakurtzeko ohitura sustatu dute lehen ezertzo ere irakurtzen ez zuen jendearen artean. (Euskarazko tokiko aldizkarien artean, ‘euskaraz irakurtzeko’ petatxoa eransten diogu aurreko hori, baina halaxe da).
  • Geuk ere askotan aipatzen dugun ideia: irakurleak sortzeaz gain, balio ‘kulturalaz’ gain, lanpostuak ere sortzen dituzte. Industria garrantzitsua dira doako egunkariak. (Herri aldizkariekin berdina gertatzen da, neurri apalagoan bada ere).
  • Prezioen igoera mantsotzen lagundu dute doakoek. Ordaindu beharreko egunkariena, lehiakorrak izateko, baina baita beste zenbait produkturena ere.
  • Kongresuaren azken helburu nagusiaren berri ere eman zuen Escolarrek: doako prentsaren aldarria egiten duen Manifiesto de Madrid izeneko agiria sortzea, eta Doako Prentsaren Nazioarteko Federazioa sortzea. Biak ere ondo lotuta geratu ziren kongresua amaitzean.

Bai, ministro!

Hurrengo interbentzioak beste pista bat eman zigun Kongresuaren tono orokorraz: agintariekiko jarrera erabat otzana zeukan antolakuntzak. Irekiera ekitaldira, esate baterako, Espainiako printze eta printzesa gonbidatu zituzten, presidente gisa, baina azkenean gobernuko presidente ordearekin konformatu behar izan zuten. De la Vegak 40 minutuko atzerapenarekin iritsi, eta bitartean matrikularen truke dirutza ordaindutako 200 kongresistok zain, besoak gurutzatuta, zereginik gabe eta antolatzaileen batere azalpenik gabe. ‘B planik’ ez izatea lotsagarria iruditu zitzaidan maila horretako kongresu batean… eta are lotsagarriagoa izan zen Miguel Sebastian Industria Ministroaren atzerapena. Ordu eta erdi berandu iritsi zen morroia, hoteletik 15 metrora dagoen ministeriotik, zer eta PSOEren mitina botatzeko. Enpin, agian logika hori izango da naturalena erreinuko hiriburuan…

Doako prentsaren nazioarteko kongresua (1) 3 - teknopata.eus

Atzerapena alde batera utzita, De la Vegak diskurtso borobila bota zuen, prestatu zionari zorionak emateko modukoa: prentsaren zeregin soziala, herri kazetaritzaren aroa eta goitik beherako komunikaziotik eztabaida horizontalerako jauzia, doako egunkarien krisia eta bigarren belaunaldiari ekiteko beharra, kalitatearen erronka, kalitateak ez duela zerikusirik prezioarekin… enpin, mila biderrez entzunda ere, gustura entzuten diren kontu horietakoak…

Eta tira, honezkero nekatu naiz idazten… hurrengo egunotan jarraituko dut eduki zehatzagoak laburtzen saiatzen. Presidenteordearen ondoko bi hitzaldiak bereziki interesgarriak izan ziren, doako prentsaren diagnostiko orokorra egiten saiatu baitziren. Espainiako eta nazioarteko egoeraz hitz egin zuten bi adituk, eta, berriro errepikatuko dutm horiek ere oso kontu interesgarriak aipatu zituzten. Baina hori bihar kontatuko dizuet, ados?

Ale ba, ondo bizi!

2 iruzkin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.