Photoshop Express delako web aplikazio berria aurkeztu du Adobek. Argazki digitalei oinarri-oinarrizko konponketak egiteko aukera ematen du zerbitzu berriak, nahiko era dotore eta ikusgarrian (zeozergatik erosi nahi zion Adobek Flash teknologia Macromedia zenari…). Baina izenak ez dezala inor engaina: Photoshop Express oso-oso-oso-oso urrun dago bere anaia nagusia den Photoshopetik, eta esango nuke izenaz gain beste ezer gutxi konpartitzen dutela biek.
Hala ere, merezi du probatzea: koloreak zuzentzea, begigorri efektua kentzea (ez, kalimotxoak eragiten duen gorritasun horrek ez du konponbide informatikorik), enfokea zuzentzea, tamaina aldatzea… gehienok normalean egiten ditugun tontakeritxoak, Photoshop den erraldoiaren inolako beharrik ez dutenak, klik pare bat eginda egin daitezke Expressekin, ezer deskargatu (eta pirateatu!) beharrik gabe.
Gainera, bi Giga ere ematen ditu Adobek argazkiak bertara igo eta partekatzeko. Hori bai, erabilera baldintza leonino samarrekin: izena ematean, bertara igotzen den material guztien gaineko eskubideak, erabiltzailearen seme-alaben eta haien seme-alaben arimak Adoberi lagatzen zaizkio orain zein etorkizunean egitea bururatzen zaion edozer egiteko (partekatu, berrinprimatu, saldu…), eta ez izena ematen duenak, ez bere ondorengoek, ez bere ondorengoen ondorengoek ezin dute baimen hori atzera bota.
Xehetasun nimino hori alde batera utzita, —eta zerbitzua teorian behintzat Estatu Batuetako biztanleentzat baino ez dela— badirudi Adobek bi puntu zeroren zurrunbiloan sartu nahi duela muturra Adobe Express honekin. Zerbitzua, oraindik beta fasean dagoena, FaceBook, Picasa eta PhotoBucketekin integratzen da, eta irakurri dut hor zehar etorkizunean Flickr-rekin ere txertatzeko aukera eman nahi dutela. Besterik da Flickr horren oso aldeko den ala ez: azken finean, badu bere irudi editore propioa, Picnik, Adobe Express honek ematen ez dituen aukerak ere badituena.
Tartetxo bat eman dut lehen Photoshop Express horrekin eta pantaila irudiak hartzeko aplikazio batekin jolasean, eta ondoko bideotxo hori atera zait. Badakit ez dela apenas ezer ikusten, baina zer nahi duzue, lehenengo saiakera da eta!
Podcast: Play in new window | Download (13.8MB)
Harpidetu! RSS
Kasualitatea! Nire tokaio farozainak ere egin dio aipamena Photoshop Expressi gaurkoan.
Mac-zalea izanda… Nik uste, gauzatxo horiek egiteko, iPhoto nahikoa dela. Niretzat bai beintzat.