Gailu eramangarrien zaleak aztoratuta dabiltza azken orduan: Appleren ditxosozko iPhoneak harrotu dituen hautsez gain, bada oraindik kaleratu ez den beste traste bat ere, jakinmin handia sortzen ari dena: Asus etxearen portatil merkea, Eee PC izenekoa.
Oinarrizko erabilerarako portatila da Eee PC delakoa. Zazpi hazbeteko pantaila du, kilo bateko pisura ere ez da iristen eta, disko gogorraren ordez, memoria solidoko txartelak erabiltzen ditu, 2 eta 8 Gb bitartekoak. Windowsekin konpatiblea omen da, nahiz eta, momentuz behintzat, Asusek berak beren-beregi eraldatu duen GNU Linuxen bertsio bat dakarren kargatuta, Firefox, OpenOffice eta beste zenbait programa barne. Baina, bereziki, bi izan dira frikion urdail-urinak dantzan jarri dituzten ezaugarriak: gailuaren tamaina, benetan eramangarri egiten duena, eta prezioa: ekaina aldean egindako lehenengo iragarpenen arabera, 199 dolar inguruan salduko dira bertsiorik oinarrizkoenak. Eee PCaren merkaturatze ofiziala urriaren 17an egin zuen Asusek. Eee PC 701 4G modeloa izan da salgai jarri den lehenengoa, ondoko ezaugarri hauekin:
- Prozesagailua: Intel Celeron M ULV 900MHz
- Biltegiratzea: Flash-memoriako 4GB (SSD)
- Memoria: 512MB DDR2 RAM (667MHz)
- OS: Xandros Linux (Asusek moldatutakoa)
- Pantaila: 7 hazbetekoa, 800 x 480ko bereizmenarekin
- Atakak: 3 USB 2.0, VGA monitore irteera bat, aurikularretarako konektorea, mikrofono sarrera, SD txartel irakurgailua, Kensington segurtasun zirrikitua, Ethernet 10/100
- Webcam (0.3 MP)
- Bateria: 4-cell 5200 mAh 7.4V Li-Ion (3,5 ordu inguruko iraupena)
- Wireless: 802.11b/g Atheros
- Datu sarrera: teklatua eta touchpad
- Pisua: 0.95 kilo inguru bateriarekin, 1,15 kilo inguru bateria eta kargadorea aldean eramanda.
Hori bai: ahaztu hasierako 200 dolar horiek. Asusek iragarri duenez, 400 dolar inguruan saltzen da lehenengo EeePC hau. Hala ere kontuan hartu behar da gamaren erdiko tartean kokatzen dela. Pentsatzekoa da urte amaierarako gama osoa kaleratzen denean, 2 Gigako modeloa, adibidez, 200 dolar inguru horretan ibiil daitekeela. Tramankuluaren azterketa bat irakurri nuen aurrekoan NoteBookReview delako webgunean, eta, oro har,badirudi oso inpresio ona egin ziela Eee PC honek. Dena den, argi izan behar da kostu txikiko gailua dela, eta hori karkasa egiteko materialen kalitatean ere nabaritzen omen dela. Hala ere, eta oraindil hurbiletik ikusi ez badut ere, iruditzen zait oso aukera ona izan daitekeela alde batetik bestera garraiatzeko moduko makina behar dutenentzat. Arin pizten da gainera, 12 segundutan antza, eta egiten duena oso ondo egiten du… eta erraz, gainera, Asusek sortutako fitxen bidezko interfazeari esker.
Enpin, ez da MacBook Pro bat (eta hori argi eduki behar du erosi ala ez erabaki nahi duenak), baina oinarrizko erabilerarako (nabigazioa, posta elektronikoa, tartean behingo office dokumentuak, argazki digitalak ikustea, txateoa…) oso-oso gailu egokia da. Olentzerok KZGunean orduak eta orduak pasatzen dituen amonatxoari oparitzeko modukoa, hitz gutxitan!
Aldekoak | Kontrakoak |
|
|
[…] nanoen moda hasi zela, iazko urrian Taiwanen agertu eta maiatza arte euskal erdira heldu ez zen EEE PC ospetsuarekin. Bitartean, eta azkenaldion bereziki, hainbeste netbook ikusi ditugu eta harekiko […]