Euskal Herria 1.2


Duela ordubete eskas itzuli naiz etxera Euskal Herria 2.0 jardunaldien bigarren saiotik. Entzundako guztiaren artean, zerbait aukeratzekotan, Vilaweb atariaren zuzendariak, Vicent Partalek, emandako azalpenekin geratzen naiz. Izugarrizko inbidiaz entzun ditut .cat domeinua lortu arteko prozesuaren inguruan eman dituen azalpenak. Bai, bai: inbidiaz. Beharbada Josu Landak kutsatu dit bere ezkortasuna; beharbada osti txarrez jarri nau Artelekutik A8rako bidean galdu izana eta Errenterian (uste dut) kasik 40 minutu galduta bueltaka ibili izana... ...gauza da konbentzituta atera naizela asko eta asko dugula oraindik egiteko katalanek .cat domeinuarekin lortu dutenaren antzeko zerbait lortzeko.

Tira, positiboan hasteko, aitortu beharra daukat Partalen hitzaldiaren ostean askoz ere argiago ikusten dudala .eus domeinu batek nolako onura multzoa ekar liezagukeen... sikieran, oso ondo azaldu du .cat domeinuak nolako eragin positiboak izan dituen katalanaren ikusgarritasuna areagotzeko, eta ordura arte batere interesik adierazi ez duten eragile asko katalanaren ingurura erakatzeko. Zorionak bene-benetan.

Inbidia, baina, Vilawebeko arduradunak prozesuaren nondik norakoak kontatzean sortu zait. Jardunaldietan hartutako apunteak kotxean ahaztuta utzi ditut eta aipatu nahi nuen guztia seguru ez dudala aipatuko, baina ohar behintzat bai utzi nahi ditut hemen, aurrerago garatzeko. Hona Partalek aipatutako kontuetako batzuk:
• Domeinuaren aldeko mugimendua hasi aurretik ere, interneten baziren eduki asko eta asko katalanez, izen onekoak, kalitatekoak eta era guzti-guztietakoak (berak esan duenez "pornografiatik hasi eta Easyjet-en orriraino"). Euskaraz zer daukagu?
• Domeinuaren ofizialtasuna lortzeko gakoetako bat eskaerak inolako lotura politikorik ez izatea izan dela errepikatu du Partalek behin eta berriro. Geografiari inolako aipamenik egin gabe. Kulturari eta hizkuntzari lotutako eskaera izatea izan da arrakastaren giltza. Hitzaldi osoan Katalunia bera ere behin ere ez du aipatu (beno, agian bai, baina zeharka). Gu, berriz, Euskal Herria 2.0 gora eta EH 2.0 behera. Uh-Oh.
• Diskrezioa, politikarien isilpeko laguntza, elkarte eta erakunde askoren konfidantza itsua... Ez dakit, saiatu naiz hori guztia gure artera ekartzen, eta en fin, hasieran esan dudana: inbidia eman dit .cat horren kontua.

Baina ooooso berandu egin zait eta bihar goiz altxatu behar... astebururako utziko dugu jarraipena, ados?

Technorati etiketak: , , , ,


ostirala - 2006(e)ko irailak 29 · 01:17
| | | | |

Etiketak:
Technorati Cosmos Technorati Watchlist digg   furl   del.icio.us