
Udazkena iritsi denez, amaitutzat eman dezakegu Teknopatometroaren udazkeneko galdetegia, ondorio argi batekin: oporrak online pasatzeari dagokionez, muturreko jarrerak nagusitzen ari dira.
Emaitzei begiratu aurretik, nola ez, eskerrak eman behar dizkizuet inkestari erantzun diozuen 50 lagunoi. Zuen erantzunik gabe, bestela ere balio zientifiko nuloa duen inkestatxo honek ez luke batere zentzurik izango!
Erdiak baino gehiagok, etengabeko konexioarekin
Erdia baino gehiago gara oporrak etengabe konektatuta ematen ditugunak. Guztiz offline pasatzen dituztenak, berriz, %16 inguru dira. Multzo hori dezente handitu da 2011ko galdetegitik, eta orduan bigarrena zen “offline, ahal izanez gero ku-kutxo bat eginda” aukerarekin parekatu da.
Wifiaren bila ibiltzen direnak ere gutxiago dira 2011n baino, eta apur bat gehiago ziberkafeetara jotzen dutenak. Hona tarta osoa:
Muturreko joerak nagusi

2009tik honako bilakaerari erreparatuz gero, pare bat fenomeno interesgarri ikusten dira:
- Gauzak oso azkar aldatu dira lau urtean. 2009an, etengabeko konexioa bigarren aukera zen, eta oso minoritarioa, erantzun zutenen %25 inguruk erabiltzen zuen. Gaur egun, %52k aukeratzen du oporrak etengabeko konexioarekin pasatzea.
- Muturreko jarrerak nagusitzen ari dira. Batetik, argi ikusten da etengabeko konexioa gehiengoaren aukera gisa finkatu dela %50etik gorako emaitzekin, baina nabaria da ere 2009tik hona nola igo den guztiz deskonektatuta ibiltzen direnen kopurua, %15etik gora izan arte.
Información Bitacoras.com
Valora en Bitacoras.com: Ai, nork esango zukeen duela 4 urte!!! Udazkena iritsi denez, amaitutzat eman dezakegu Teknopatometroaren udazkeneko galdetegia, ondorio argi batekin: oporrak online pasatzeari dagokionez, muturreko jarrerak nagusitzen ari di..…
Analisi interesgarria, Joxe, lagina txikia izan arren.
Dena den, nago 3G izatea edo ez gehienetan berau kontratuaren barne egotea edo roaming-a ordaindu beharraren araberakoa izaten dela, eta beraz, jakin nahiko nuke 3Garekin egon direnen artean zenbatek ordaindu duten roaming zerbitzu garestiak, horrek emango lukeelako dependentziaren maila neurtzeko datu esanguratsua.
Ondo izan!
Epa Iñigo!
Badakit, bai, honek ez duela inolako balio zientifikorik, baina bitxia da erantzunen bilakaera… eta bitxia da, zure mezutik ondorioztatzen den bezala, galdetegia bera nola zaharkitu den urte gutxi batzuetan. 2014ko edizioan roaming-aren aipamen hori sartu beharko da, bai, menpekotasunaren adierazle garbi gisa! :)
Eskerrik asko ekarpenagatik!
[…] Teknopatometroan argi geratu zen: teknopaton %64k online pasatu zenituzten oporrak, eta erdiak baino gehiagok etengabeko 3G […]